Ondarea
San Sebastian eliza eta hilerria
Errobiko ibarraren gainaldean, San Sebastiani eskainitako elizak Jatsuko historia irudikatzen du. Erdi Aroan kapera izan ondotik, 16. eta 17. mendeetan eraldatu zuten. Gaur egun, Lapurdiko elizarik ederrenetakoa da.
Lapurdi eta Nafarroa Behereko eliza ugari bezala, handitua izan zen eta zenbait elementu gehituak izan ziren, hala nola galeriak 17. mendean. 19. mendean gehitutako eliza dorreak lehengo arbelezko orratza ordezkatu duen lau aldeko teilatu bat badu orain.
Barnean, klasiko-barroko estiloko 17. mendeko erretaula urrez estalia da eta San Sebastianen martirioa irudikatzen du. 17. mendean zizelkatutako galeriak harrigarriak dira, baina altxor nagusia 15. mendeko zurezko Kristoa da, Ipar Euskal Herriko zizelkaduretan ederrenetakoa.
Gangek eta 1752an margotutako soailuak, Hirutasun batez eta ebanjelariz apaindurik, giro paregabea sortzen dute. Habeartea 1732an margotu zuten. Krexa paregabea ere aterpetzen du, 18. mendeko portzelanazko itxurañoz ederturik. Eugenia enperatrizarenak ziren, Napoleon III.aren emaztea (soilik Eguberri garaian ikusgai).
Eliza inguruan den hilerrian disko formako hilarri ugari dira, zaharberrituak eta babestuak, zaharrenak 17. mendean pikatuak izan zirelarik. Eliza inguruko hastapeneko hilerriaren beherean kokatutako Jatsuko hilerriaren paisaia-hedapena ohargarria da, baita elizaren gibelean berriki egindakoa ere, Régis POCHELU zizelkariaren obrez apaindurik.
Salbatore kapera
Salbatore kapera erromanikoak, herriaren gainaldean, Erdi Aroko historia aberatsa du. Lehuntzeko Premontretarren abadiari lotua 13. mendetik aitzina, beila tokia da 17. mendetik goiti. Kapera Sorhouet Faldaracon eremuaren parte izaten da, Donejakue bideari lotua. Badirudi kapera eta hurbil-hurbil den “Sorhueta” etxea Donejakue bideko geldialdiak izan zirela.
1636an, mendebaldeko zismaren garaian, Baionako Klarisen komentuko hiru serora aterpetuak izan ziren leku hartan. 1686 arte egon ziren han, Baionako apezpikuak eliza ordena baketzea lortu zuenean.
Eliza barnean Kristoa berpizturik itxuratzen duen estatua batez apaindutako erretaula bada. Aldarea baino doi bat gorago, Jainko Aitaren busto naif bat agertzen da hodei kizkurren artetik. Buztin erreko lauza zaharren artean, hilarri batzuk badira, baita marmol zuriko kapitel batean moldatutako ur-benedikatu ontzi bat ere. Kanpoan, ostiko batzuek egitura zurkaizten dute, eta puntu osoko arku itxurako ate batek mendebaldeko aitzinaldea apaintzen du, ezkila dorre-pareta ttipi batez luzaturik.
Argibide gehiagorako:
- Les paroisses du Pays Basque pendant la période révolutionnaire (Ipar Euskal Herriko parrokiak iraultzaren garaian) - Abbé P. HARISTOY - 1895
- Villages en Pays Basque (Ipar Euskal Herriko herriak), 5. liburukia - Fred FORT- Hondartza elkartea
- https://www.pop.culture.gouv.fr/notice/merimee/PA00084553
- https://florilegesjournal.com/2017/11/06/la-sculpture-spirituelle-de-regis-pochelu