Kokapen geografikoa

Jatsu Lapurdiko euskal probintzian kokatua da, Baionako barrutiko Baigura eta Mondarrain kantonamenduan. Larresoro, Haltsu, Uztaritze, Milafranga, Mugerre eta Hazparne ditu mugakide, eta, gaur egun, Euskal Hirigune Elkargoko Errobi lurralde eremuari lotua da.

13,95 km2-ko azaleran zabaltzen da, 7 eta 175 metro arteko goratasunarekin, 91 metro delarik bana bestekoa.

Hego-mendebaldean Errobi ibaia iragaten da eta erreka bat baino gehiagok zeharkatzen dute herria, horien artean Errobira isurtzen den Latsa, edota Aturrira isurtzen den Ardanabia.

Jatsura hel daiteke D22, D650 eta D932 bigarren mailako errepideetatik, baita trenez ere, Uztaritzerekin partekatutako geltokiari esker, Baiona - Donibane Garazi burdinbidean kokatua.