Gizarte ekintza

GEUZa

Bere betekizuna:

Gizarte Ekintzako Udal Zentroaren (GEUZ) betekizuna da zailtasunak dituzten Jatsuko adinekoak, urritasun bat dutenak, haurrak, gazteak eta familiak laguntzea, konfidentzialtasunaren errespetuan. Gizarte mailako prebentzio eta garapen funtzio bat du herrian.

GEUZaren bulegoa:

Marc LABEGUERIE Jatsuko auzapezaren zuzendaritzapean, Jatsuko Herriko kontseilari batzuek eta herriko biztanle batzuek dute GEUZaren bulegoa osatzen.

Bere ekintzak:

Eguberriko saskiak: urtero, GEUZeko kideek tokiko ekoizkinez osatutako Eguberriko saski gormantak banatzen dizkie gure adinekoei eta errege bixkotxa antolatzen dute.

Herriko Etxeak atxikitzen duen behartsuen zerrenda eguneratzea: zerrendan diren jendeen aldean, osasun eta gizarte mailako zaintza lan bat segurtatzea ahalbidetzen du ohiz kanpoko gertakariak direlarik: beroaldiak, hotz handiak, pandemiak....

Isilpeko izen emate hau nahizko urraspidea da eta edozein momentutan egin daiteke Herriko Etxean.

Etxebizitza: GEUZaren betekizuna da etxerik gabekoei etxebizitza egonkor bat aurkitzea, zehazki finkatutako prozedura baten bidez. Eskaerak herriarekiko, familiarekiko edo lanarekiko lotura bat ukan behar du oinarri. Horri esker, galdegileak helbide administratibo bat ukan dezake eta zenbait urraspide abia ditzake.

GEUZaren zaintzako zerbitzua:

Herriko Etxeko idazkaritzaren aldean hitzordua hartuz 05.59.93.00.40 zenbakira.

Gizarte laguntzaileak

Edozein laguntzarako, gizarte laguntzaileekin harremanetan jartzea gomendagarria da Errobi - Urdazuriko Elkartasunen eta Gizarteratzearen Departamenduko Zerbitzuaren aldean, Uztaritzen, 05.59.70.51.51. zenbakira.

Halaber, GEUZarekin harremanetan jar zaitezke, zure urraspideak egiten lagun zaitzake. Herriko Etxeko idazkaritzaren aldean hitzordua hartuz 05.59.93.00.40 zenbakira.

Adinekoei zuzendutako argibideak

Autonomiarako Norbanakoen Laguntza (ANoL):

ANoL beregaintasuna galtzen ari diren 60 urtez goitikoei zuzendutako laguntza bat da. Bi ANoL desberdin badira: etxeko ANoL etxean bizitzen segitzeko beharrezko gastuak ordaintzen laguntzeko, eta zahar etxeko ANoL, MAPOko (Mendekotasuna duten Adineko Pertsonen Ostatalekua) gastuak ordaintzen laguntzeko.

Departamenduko kontseiluak du ANoL ordaintzen. Irabazi irizpiderik ez da laguntza hori eskuratzeko (baina esleitutako diru zama irabazien araberakoa da) eta ANoL ez da nehoiz itzuli behar, hartzailea zendu ondotik ere.

Etxeko ANoL eskaera egiteko, urraspidea bizi zaren departamenduaren araberakoa da. Lineako zerbitzu baten bidez egin daiteke, edo paperezko inprimaki bat betez. Argibide gehiagorako, ondoko artikulua irakurri: https://www.pour-les-personnes-agees.gouv.fr/vivre-a-domicile/aides-financieres/lapa-domicile

Halaber, GEUZarekin harremanetan jar zaitezke, zure urraspideak egiten lagun zaitzake. Herriko Etxeko idazkaritzaren aldean hitzordua hartuz 05.59.93.00.40 zenbakira.

Zahar etxeko ANoLari dagokionez, behin zahar etxea hautatu eta, hango zuzendariari eskatu behar diozu. Hark azalduko dizkizu bete beharreko urratsak.

Apairuak ekartzeko zerbitzua:

Jatsuko Andre Dena Maria elkarteak apairuak etxera ekartzeko zerbitzua proposatzen die adinekoei. Haurren etxean apailatuak dira eta zure etxeraino ekarriak.

Edozein argibiderako: 05.59.93.00.70 (8:30-12:30 eta 14:00-17:30 astelehenetik ostiralera).

Uztaritzeko Eliza Hegi elkartea. Jatsuko herria elkarteak apairuak ekartzeko estaltzen duen eremuan kokatua da. Zerbitzua baliatzeko, Eliza Hegi elkartearen aldean eskatu behar da zuzenean eta eskaera dosier bat bete.

Edozein argibiderako: 05.59.93.14.10

Etxeko laguntzailea:

Zenbait elkartek etxeko laguntzaileen zerbitzu bat proposatzen diete adinekoei.

ANoL hartzaileen, Ahalmen Urritasunaren Ordainsari laguntza (PCH) hartzaileen, gizarte laguntzaren esparruan garbiketa-laguntza hartzaileen aldean esku har dezaketen etxeko laguntzaile zerbitzuen zerrenda: https://plateforme.autonomie64.fr

Eliza Hegi:

Jatsuko adinekoek Uztaritzen kokatutako Eliza-Hegi egoitzan proposatutako jarduerak eta zerbitzuak balia ditzakete. Zerbitzu horiek baliatzeko, aitzinetik izena eman behar da Eliza Hegi egoitzaren harrera gunean. Edozein argibiderako: 05.59.93.14.10

Errobi lurraldeko gerontologiari buruzko Baliabide Zentroa:

Baliabide zentro honek etxean bizi diren adinekoei eta haien hurbilekoei egoera orokorra zaintzeko urririkako jarduerak proposatzen dizkie, baita alde sentsitibo-motor eta kognitiboa bultzatzeko, ongi zahartzeko, gizarte harremanak laguntzeko eta prebentzioko jarduerak ere.

Edozein argibiderako:

Gazteei zuzendutako argibideak

Gazteen informazio gunea:

Uztaritzeko Gazte Gunea Uztaritzeko Mailiarena egoitzan kokatutako erakunde publiko bat da. 12 eta 29 urte arteko gazteak errezibitzen eta artatzen ditu. Harrera urririkakoa da eta eskaeraren arabera egokitua, anonimotasunaren errespetuan.

Argibide praktikoak aurkituko dituzu etxebizitza, osasuna, eguneroko bizia, enplegua, AIGA, lana, ikastaldiak, atzerrirako egonaldiak, eskolako orientazioa, formakuntzak, lanbideak, aisialdiak, kirola eta oporrei buruz.

Edozein argibiderako edo hitzordua hartzeko:

  • Telefonoz 06.26.81.77.31 zenbakira deituz edo pij@ustaritz.fr helbidera idatziz

Tokiko Misioa: Ipar Euskal Herriko Gazteen Etorkizuna:

Jatsuko herria Gazteen Etorkizun Misioaren kide da. Erakunde hau 16 eta 25 urte arteko gazteen zerbitzuko da, lanbide kalifikaziorik gabe eskola sistematik atera direlarik edota formakuntza bide baten ondotik « geldirik » direla uste dutelarik.

Erakundeak gazteak lanbide eta gizarte mailako bide batean laguntzen eta informatzen ditu. Zehazki, Tokiko Misioak orientazioan, formakuntzan, enpleguan eta eguneroko bizian laguntzen du.

  • Uztaritzeko Mailiarena etxearen zaintzako zerbitzua, astearteetan, 9:00etatik 12:00etara eta ostegunetan 13:30etik 17:00etara.
  • Xehetasunak 05.59.59.82.60 zenbakira deituz (egoitza Angelun).