Historia

Historia poxi bat

Jatsu ondare aberatsa duen herria da eta bere izena isats adierazten duen “jats” hitz zaharretik dator. Orduan, Jatsu isatsen gunea da, gaur egun oraindik inguruetako larreetan hazten den landarea.

Artxibo historikoek mendeetan zehar Jatsuk izen bat baino gehiago ukan dituela salatzen dute: Jatsu 1249 urtea arte, Jathou edo Jathsu 1253an, eta Jatsou 1686an. Donejakue bidean kokatua izanik, Jatsu parrokia gisa ezagutua izan zen 12. mendetik goiti. Hastapenean, Uztaritzeko auzotegi bat zen. Herri autonomoko estatusa lortu zuen 17. mendean.

1650ean, 100 etxe ziren herrian, hots 400 eta 600 biztanle artean (Jatsuarrak). 1793an egindako lehen errolda kari, 387 biztanle zenbatuak izan ziren, eta 420 1861ean. Ondoko urteetan, biztanle kopurua gorabeheratsua izan zen, 299 biztanlera jaitsi arte 1936an, berriz emendatu baino lehen: 530 1982an, 1 009 2006an eta 1 068 2009an.

Belokeko abadiako tapiz lantegiak zuen Jatsuko armarria sortu 2002an, Alain CASTAING jaunak eskaturik, Jatsuko auzapeza zelarik. Urre koloreko hondo baten gainean lehoi bat erakusten du, gezi bat eskutan duela, Lapurdiko probintziaren sinbolo, eta Salbatore kaperaren aitzinaldea. Kapera urrezko isats lorez estalitako terraza baten gainean pausatua da.

Zenbait jende ospetsu dira Jatsuarren artean, hala nola Pierre DIBARRART (1838-1919). Lanbidez zapatagile eta bertsolari hau Baigorriko elizako xantre ere izan zen luzaz. 1880ko Mauleko txapelketa irabazi zuen “Xinaurria eta Xoria” alegia famatuaren sortzailea da, baita “Sotoko Oppora” kantuarena ere.

Argibide gehiagorako

Fred FORT - Villages en Pays Basque (Ipar Euskal Herriko herriak) - Hondartza elkartea, 5. liburukia